Aukera paregabea atzokoa udazkenean sartzeko eta ikasturte berriari ekiteko. Goizeko hamaiketarako prest zeuden Orreagako inguruetan lasterketan parte hartu behar zuten korrikalari guztiak, aurten 900 inguru.
Lasterketaren parte-hartze zabal honek ez du inor harritzen, izan ere, lasterketak oso osagai erakargarriak ditu. Orreaga toki berezia da han ginen askorentzat, gainera eguraldi izugarri ona izan genuen lagun, eta hortik Zubirira dihoan bidearen edertasuna ere ez da nolanahikoa. Hori bai, lasterkariek osagai hauekin gozatzeko parada izateaz gain, sufritzeko tartea ere izan zuten ibilbidearen jeitsiera eta igoerekin.
Zubirira heltzean, antolakuntzak prestatutako harrerarekin korrikalariek erlaxatzeko aukera izan zuten, bertan baitziren masaje-emaileak, freskagarriak, zozketak eta abar. Dena den, hoberena indarrak berreskuratzeko, polikiroldegian egin zen bazkaria izan zen.
Amaitu aurretik, gure zorionak antolakuntzari dena hain lotuta izateagatik eta dena hain ongi egitearren.