Urriaren azkeneko larunbatean elkarteko lagun batzuk, hogeita bost inguru, etxe ondoan dugun Ezkaba mendira hurbildu ginen. Iragarpenek ura aurreikusten bazuten ere, eta bezperako gaua euria ederki bota arren, oso egun polita atera zitzaigun mendian ibiltzeko. Igoera hau oso erraz egiten da , hortaz, denok, txikiak barne, arazorik gabe egin genuen.
Behin tontorrera ailegatuta Ezkabako gotorlekuaren inguruan asko ikertu duen eta bertan egondako presoen bizibaldintzak eta egoerari buruz informazio iturri handia den Iñaki Alforjarekin bildu ginen. Indarrak berritzeko mokadu bat hartu ondoren, gotorlekuaren inguruetatik eta oraindik irekita dauden zenbait gunetatik itzulinguru bat egiten genuelarik, lagun honen azalpenak entzun genituen.
Heriotza hain ohikoa bilakatu zen, ezen inguruko herrien hilerrietan ez baitzen tokirik geratzen hainbeste gorpu lurperatzeko. Hori dela eta, hilerri bat sortu behar izan zuten gotorlekutik ez oso urrun. Duela gutxi hilerri honetako hobiak ikertzen aritu dira Aranzadi zientzia elkarteko teknikariak eta hobietan hezurrekin batera, frontean egiten zen moduan, botila bat hildakoaren datuekin utzi zuten lurperatzaileek. Botilen hilerri honetan eman genuen amaitutzat bisita interesgarri hau.