2009/05/04

ANTSOAIN - MUTILOA

Esaten genuenez, maiatzean aukera ezin hobea dugu Iruñerriko korrikazaleok, bertatik mugitu gabe, asteburuero lasterketa ezberdinetan parte hartzeko. Horrela izanik, pasa den asteburua luzea izan dela baliatuz, aparteko hasiera izan du hilabeteak.

Ostiralean, Antsoainen "El Charco" izeneko peñak antolaturiko XXIII. Herri Lasterketan korrikalari ugari bildu ziren. Eguna freskoegia bazegoen ere, hori ez zen arazorik izan, zirkuituaren lehendabiziko tarteak pasa ondoren lasterkariak berehala berotu ziren eta. Jotzen zuen haizearekin korrika egitearena, beste kontu bat izan zen.
Lasterketa osoan partehartzaileek aurrez zetorkien haize gogor batekin korritu behar izan zuten. Herriaren industrialdeko kale zabal eta luzeetan, haize honen bultzada areagotu egiten zela kontuan harturik, lasterketa nekagarria suertatu zen.
Hala ere, gozatzeko lasterketa bat izan zen, antolakuntzaren aldetik dena ongi lotuta, eta inskripzioaren prezioari eta zegoen giroari dagokionez, zinez, "herri" lasterketa bat izan zela esan dezakegu.
sailkapenak

Igandean, berriz, Mutiloan izan zen hitzordua. Felix eta Martin Antsoainen nekatu ez, eta Aranguren ibarrean zehar eginiko lasterketa honetara bertaratu ziren. Aurten bere III. edizioa bete duen froga honek, Ruandako bizilagunei laguntzeko dirua biltzea du helburu. Zonaldean dauden paraje ederrenetan barna ibili ahal izatea, eta goizean izan genuen eguraldi eguzkitsuarekin, igandearena korrikalariontzat askotan errepikatzen ez den aukera horietako bat izan zen.