2009/10/18

ALTSASU - Onddo Lasterketa

Sakanako Dantzaleku taldeak, bigarren urtez, ONDDO Lasterketa antolatu zuen Altsasun.


Goizeko hamaiketan haur eta gaztetxoen kategoriekin hasi zen proba. Ordu bat beranduago helduon txanda izan zen 140 inguruko lasterkarien parte-hartzearekin. Antolakuntzatik ahalegin berezia egin zuten lasterketan emakumeen presentzia ziurtatzearren.


Lasterketaren ibilbidea herriko plazan hasi eta amaitu bazen ere, honen tarte nagusiena Altsasu eta Urdiainen arteko hariztian zehar egin zen. Toki honen edertasuna da, hain zuzen ere, lasterketaren alde erakargarrienetariko bat. Gainera, eguraldi eguzkitsuak goiza borobiltzen lagundu zuen.


Beste aldetik ere, gure ustez, lasterketa honek berehala lortuko du bere tokia Nafarroan egiten diren herri lasterketen egutegian. Izan ere, antolatzaileek ongi jarri diote “herrikoia”-ren kalifikazioa.


Froga ez zen leihakorra izan, beraz, ez ziren denborak hartu, ezta sailkapenik egin ere. Izen ematea dohakoa zen, sariak ez ziren lehendabizikoentzat izan, baizik eta zozketaren bidez egokitu zitzaionarentzat, eta lasterkari guztiok gure kamiseta jaso genuen, baita mokadutxo bat indarrak berreskuratzeko ere.


Gauzak horrela, onddozale hauek, datorren urtean ere, han izanen gaituzte, ea orduan saskia betzerik lortzen dugun.


LASTERKETAREN ARGAZKIAK HEMEN