2010/10/31

BOTILEN HILERRIA



   Urriaren azkeneko larunbatean elkarteko lagun batzuk, hogeita bost inguru, etxe ondoan dugun Ezkaba mendira hurbildu ginen. Iragarpenek ura aurreikusten bazuten ere, eta bezperako gaua euria ederki bota arren, oso egun polita atera zitzaigun mendian ibiltzeko. Igoera hau oso erraz egiten da , hortaz, denok, txikiak barne, arazorik gabe egin genuen.

   Behin tontorrera ailegatuta Ezkabako gotorlekuaren inguruan asko ikertu duen eta bertan egondako presoen bizibaldintzak eta egoerari buruz informazio iturri handia den Iñaki Alforjarekin bildu ginen. Indarrak berritzeko mokadu bat hartu ondoren, gotorlekuaren inguruetatik eta oraindik irekita dauden zenbait gunetatik itzulinguru bat egiten genuelarik, lagun honen azalpenak entzun genituen.


   Gotorlekua nola eraiki zuten eta zein izan zen bere hasierako helburua ikasi genuen. Baina batez ere, han beranduago eratu zen presondegiari buruz, frankismoaren errepresioaren zutabe handienetarikoa bat izan zenaz, aritu ginen. Izan ere, gotorlekuan giltzaperatutakoen bizibaldintzak arras gogorrak ziren, esaterako, erakinaren alde handiena lur azpian egin zenez eta gainera oso ingurune hotza eta hezean kokatuta dagoenez, giroa oso egokia zen gaixotasunak zabaltzeko. Honi elikaduraren gabeziak eta gerra garaiko errepresio eta eguneroko bortizkeri eta tratu txarrak gehitzen bazaizkio emaitza garbia agertzen zaigu, hau da, heriotza. 



   Heriotza hain ohikoa bilakatu zen, ezen inguruko herrien hilerrietan ez baitzen tokirik geratzen hainbeste gorpu lurperatzeko. Hori dela eta, hilerri bat sortu behar izan zuten gotorlekutik ez oso urrun. Duela gutxi hilerri honetako hobiak ikertzen aritu dira Aranzadi zientzia elkarteko teknikariak eta hobietan hezurrekin batera, frontean egiten zen moduan, botila bat hildakoaren datuekin utzi zuten lurperatzaileek. Botilen hilerri honetan eman genuen amaitutzat bisita interesgarri hau.