2011/05/30

IBILALDIAK PIRAGUAN ARGA IBAIAN

.


Maiatzaren azkeneko bi asteburuetan eta kirol batzordeak antolaturiko ekimen honetan, elkarteko bazkideek Arga ibaian zehar piraguan ibiltzeko aukera izan zuten.

Guztira 35 lagun animatu ziren ibilaldi hauetan parte hartzera. Ibilaldiak bi ordukoak izan ziren, lehena maiatzaren 21ean egin zen eta bigarrena aste bat beranduago. Ibaian sartu eta Iruñeko Piraguismo elkarteko monitoreen aldetik gutxieneko ezagutzak jaso ondoren ibaian gora eta behera ibili ziren. Baten batek igeri egin behar izan zuen piraguatik erori zelako, beraz, txantxa eta umore onerako abagunea ere izan genuen. Dena den, pentsatu baina errazago suertatu zitzaiela esan zuten arraunlari berri guztiek.

Ibilaldi hauetan lagundu gintuzten monitoreak euskaldunak ziren, hortaz, jarduera hau euskaraz garatu zen. Bestetik ere, ekintza honen bidez kirola egiteaz gain, ibaien ingurunearen natura eta bizitzaz gozatzeko aukera ere izan zen. Izugarri polita da ibaian eta bazterrean dauden animaliek sortzen duten musika aditzea.

Ikastaro eta ibilaldiak amaitu ondoren, Caparrosoko errotaren eraikin ederra barnetik ezagutzeko aukera izan zen, bai eta bertan dutxa hartu eta itxuroso jartzeko ere.

Partehartzaile guztiak oso pozik atera ziren balorazio oso positiboa eginez, beraz, ziur aski datorren urtean ere antzeko zerbait egitera animatuko gara. Ea aurten ausartu ez direnak bustitzen diren.