2009/03/30

Korrika Burlatan

“Ongi etorri” lemapean ospatzen ari da egun hauetan 16. Korrika, eta zinez esan daiteke ongi etorri jendetsu eta beroa egin zitzaiola euskararen aldeko lasterketari gure herrian pasa den asteburuan.


Zapatilak janzten lehenak txikiak izan ziren, izan ere, ostiralean Atarrabiako eta Burlatako haurrek Korrika txikia gauzatu zuten. Korrika “txikia” esaten zaio baina 10 km. inguru egin zituzten Atargi, Ziganda eta Ermitaberriko ikastetxearen ikasleen artean. Ika, ika, ika, Korrika pika pika ! bezalako oihuez osatutako buila batek apurtu zituen bi herri hauen karriketako lasaitasuna, Burlatako Larrain plazan ekitaldi xume batekin amaitzeko.


Larunbatean, goizean goiz, kontu bera errepikatu zen, baina oraingoan adin guztietako lagunekin, ume, gazte, heldu eta edadeturen bat ere ikus zitezkeen Burlatan barna, euskararen aldeko aldarrien artean, korritu zuen tropelaren baitan. Herrian hiru km. korritu ziren, haietariko lehena gure elkarteak, bere 25. urteurrena dela kausa, lekukoa eramateko ohorea izan zuen, bertan ginenok ikuzi ahal izan genuen gure lehendakaria sasoi onean dagoela.


Datorren igandean Gasteizen azkeneko txanpa korrituko da, beraz, oraindik bada aukera parte hartzeko.