2010/09/22

DENBORALDI BERRIA

Ikasturte berria hasia dugu, eta Axular elkarteko kirol batzordean nagiak astintzea kostatu bazaigu ere, dagoeneko martxan gaude.

Abuztuan bertan, herriko jaien festondoa oraindik gainditu gabe geneukalarik, kide batzuk Eugiko herrian egiten den lasterketara hurbildu ginen. Urtegiari egiten zaion bira honek inguruko korrikalarien denboraldiaren hasiera markatu ohi du. Aurten 18. edizioa bete duen lasterketa hau ederra bezain gogorra da, eskerrak aurten goizaren freskotasuna probesteko ordu bat aurreratu zutela.

Irailean, berriz, etxean bertan izan dugu korrika egiteko aukera. Azkeneko urteetan egin duen moduan, aurten ere, ikastolen elkarteak “Oinez” festaren aurreko asteburu batean herri krosa antolatu du, lasterketak Burlata, Uharte eta Atarrabia zeharkatu dituelarik. Goiza polita pasa dugu elkartetik hurbildutako haur zein heldu.

Lehen esan dugunez, hauek izan dira Nafarroako denboraldiari hasiera ematen dioten frogetariko bi. Herrialdean antolatzen diren lasterketen artean badira batzuk nabarmentzen direnak beren kutsu herrikoiarengatik. Izaera herrikoia dutela esatean honako hau adierazi nahi dugu besteak beste:• Lasterketa mota hauek lehiakorrak ez dira, hau da, berdin da zein postutan ailegatu edota noiz heldu, izan ere, batzutan, denborak ez dira hartu ere egiten.

• Korrikalarien artean oso lagun giro polita sortu ohi da.

• Gehienetan froga amaitzean, jai giroan hamaiketako edo askariren bat egiten da korrikalari eta bertaratutako publikoarentzat.
Guk parte hartzen dugun lasterketetan ezaugarri hauek aurkitzen saiatzen gara. Horretarako lasterketen egutegia harturik, hautaketa bat egiten dugu. Hautaketa honetan, hasieran aipaturiko bi lasterketa hauek sartzen ditugu, gehi hurrengo lerroetan azalduko ditugunak.

Urrian, Alltsasuko ferien bezperan, “Onddo lasterketa” antolatzen da. San Pedro Zelaietan eta hariztian zehar egindako krosa dugu hau. Denborak eta sailkapenak ez dira hartzen eta amaitutakoan musika, zozketak, jatekoa eta edatekoa ziurtatuta dago.

Mendian gora eta behera ibiltzea gustukoa duenak, hitzordua dauka Esteribarreko udalak Zubiri inguruan azaroaren amaieran antolatzen duen krosarekin. Gainera, bertako txistorra eta odolkiak dastatzeko aukera ere izaten da.

Abenduan sarturik, Tafallako eta Txantreako herri lasterketak ditugu. Bietan oso parte hartze zabala ematen da eta jai giroa ere nabarmena da. Txantrean ohikoa da zenbait korrikalari mozorroturik ateratzea eta aldarrikapenek ere bere tokia dute lasterketan. Eta nola ez, urtea amaitzeko San Silbestreak ditugu. Aurreko urtean, herrian, arrakasta handiz egin zen froga honen lehengo edizioa. Ez dizugu esan behar non aurkituko gaituzun egon horrentan, ezta?

Urtea hasteko berriz, Araitz-Betelura hurbilduko gara mendiko bidexkak eta errepidekoak tartekatzeko. Geroxeago klasiko bat herri korrikalariontzat, hots, Etxauriko igoera. Apirilean ere ez gara etxetik mugituko eta Hiru Herriko lasterketa jendetsuan egonen gara.

Udaberria bete betean dagoenean, elkartetik aterata hasiko gara korrika egiten, berriz ere, elkartean amaitzeko Axular lasterketaren edizio berri batean.

Eta horrela bukatuko da denboraldia, batzuk beste nonbaitera hurbilduko dira, esaterako, Linzoian, Doneztebe edo Aldapa peñaraino. Dena den, garai horretarako gehienok nekatu samar eta oporrak hartuta egonen gara jada.